XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA

Egunero sortzen dira gertaera, kontzeptu, tresna eta langai berriak.

Guzti horien berri eman behar izaten da, hitzez zein izkribuz.

Bide bat baino gehiago izan ohi du, edozein hizkuntzatan, berritasun horiek bere solaskideei azaldu beharrean dagoen hiztunak edo idazleak: bide horietako bat da hitz-elkarketa, erdaraz composición, composition, Wortzusam-mensetzung, etab. deitu ohi dena.

Bi hitz elkartuz adierazle berri bat sortzeko bidea dela esan ohi da hitz-elkarketa: buruan zituen arratoi eta txakur hitzak egoki konbinatuz sortu zuen norbaitek, horrela, txakur-mota jakin bat adierazten duen arratoi-txakur hitz-elkartea.

Era beretsuan sortzen ditugu orain ere, beharraren eta trebeziaren arabera, beste hainbat hitz elkartu: ekintza-plan, lege-gordailu, aditz-erro, barne-araudi, Foru Aldundi, iragarki-taula, mezu-igorle, bozeramale, diruzain, ur-kutsadura, idazmakina, ziurtagiri, zelulabakar, angelu-zuzen eta beste mila.

Neologismo edo hizperriak sortzeko euskarak duen erabide emankorrenetakoa da dudarik gabe hitz-elkarketa.

Ez hori bakarrik.

Ondoko hizkuntzetan sintagma zabalagoen bidez adierazten dena azaltzeko ere hitz-elkarketaz baliatzen gara euskaldunok: osaba-ilobak (zinera joan dira), igande-goizean (etortzekoa da), abeslari-taldea (bikain aritu da), zuri-zuri (geratu zen), (autobusa) bete-betea (dago), etxez etxe (postari dabil)...

Horrelakoetan, hitz-elkarketa sintaxitik hain urrun ez dabilela antzematen da: bestela nekez adierazi ahal izango genituzkeen esamoldeak eta itzulikak labur eta zehatz agertzeko baliabide indartsua dugu berau.

Indar handiko arrazoiak ditugu, beraz, hitz elkartuen osaera-idazkerak ongi ikasi eta zuzen erabiltzen jakiteko.

Hori guztia kontuan izanik, eta lehendik emandako pausoen ildotik, hitz elkartuei buruzko argibide hauek eskaini nahi dira oraingoan.

I. IRIZPIDE nagusiak

I.1. Hitz elkartuen erabilpen-eremua

Baliabide indartsua da hitz-elkarketa, erdarazko hainbat hitzarte euskaraz eroso eta labur azaltzeko.

Erdal A de B moduko izen-konplementazio (...).